XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etzuten izan ere osasungarri, lur azpiko lantegi ura.

Birikak aize-berriztu ordez, meatz-arri naasiko gesal, edo-ta lipu kiratsa baiño ez bai zuten jasotzen, eta gaitzaren iturburu au zitekeala iduriturik, aurrena odolak garbitu aal izateko karraskillu atalka batzuez egositako ura edatera jarri zituen.

Gerorago, berak bakarrik ezagutzen zituen belaregosi opilduekin loturak jartzen ziotzen miñak elduriko alderdietan.

Alaere, egindako guzia etzen aski izan gaitza menderatzeko, edo-ta, elbarri aiek bixkortzeko, onetxengaitik, illunabar artan ere berekixako susmoz asmatua zuen zerbaitegaitik egin zuen bakarkako ibillaldia.

Onako au zaraman bere baitan: Arriak dakarrena arriak eramango.

Eta erro ontatik egingo zituen asmakeri guziak, eta satorraren antzo lur azpian ibilli zen mutilla orretxek eraman zuen Saluita-ko aitzera.

Berak uste zituen arkozkor karetsuek topatuko zituen usteak.

Ain zuzen, larunbata zen, eta aparitako sasoi bete-betean noski Maiztegi-ko lo-toki aietara iritxi zenerako.

Esan ziteken bere zai zeudela, oso urrutiko izanik, etxeratzeke gelditu ziren bakarrak.

Egoardian geixkoan-edo gelditu zitzaikien baba-txikia piper-autsez ongi gorritu ta mindua zeukaten meakin aiek lotaratze aurreko otordurako, ta iñor gutxi zirelako-edo, txurruta bana ardo astearen bukaera bezela.

Biaramon goizari eldu bearrik etzutelarik ere, nekatuak izaki-ta, garaiz oeratu ziren, menditik jetxi berri zen gaztea, ta onek egitekoaren itxaroz zeuden bakar batzuek ezik.